XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Abots hurrin eta hautsia


ZEIN da, hostoak gorritzeko sasoian,
dena isilik geratzen denean
menditik entzuten den zurrumurrua?


Ez al dira Bernard Goihenetxek,
Ezpeizeko eiheraren alboan derrotatua,
Jûntañen harrapatua,
Lextarren eta Bordelen jujatua,
Maulen urkaberatu eta
lepamoztua izan ondoren
Berhuetako haritzaren kontra
ozta ozta zutituz
gauez
oihaneko bakardade ikaragarrian
esan zituen hitzak?


Zein da, polizia hiriaz jabetu eta
barrikadetako suak itzaltzean
kantoietan aditzen den murmurioa?


Ez al dira Bernard Goihenetxek,
Ezpeizeko eiheraren alboan derrotatua,
Jûntañen harrapatua,
Lextarren eta Bordelen jujatua,
Maulen urkaberatu eta
lepamoztua izan ondoren
Berhuetako haritzaren kontra
ozta ozta zutituz
gauez
oihaneko bakardade ikaragarrian
esan zituen hitzak?


Bizirik ote dago, hilen artean?
Eta hi, bizien artean, hilda ote hago?